XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dena den, esan denez, testu horiek sortzeko badu eredurik: Euskal Herrian bertan edo Euskal Herritik at garai honetan eta lehenxeago egin da horrelakorik.

Idatzi eta irakurri egin dira askozaz ere arrakasta handiagoarekin.

Esan dezagun, gainera, erakargarri bihurtu zirela mota horretako testuak.

Baina osa dezagun: beste koordenada sozio-kultural batzutan funtzionatu zuten.

Mota honetako eleberri historiko eta kostunbristek beren irakurlegoa dute, baina aldiberean beste eleberri-mota batzu ere eskaintzen dira.

Publikoak daude, eta heterogenotasuna eleberri-eskaintzan.

Estratifikazioa irakurlego mailan, eta baita testu-mailan ere; eta, zehazkiago, eleberri-mailan.

Eta estratifikazioaren eta heterogenotasunaren gain eraikitako koordenada soziokultural horietan ohiturazko eleberriak funtzionatu badu, zergatik ez gurean?.

Ez ote gertatzen agian, irakurle behar handiagoa duela eleberriak poemak baino, bizi dadin eta funtziona dezan?.

Ez ote gertatzen eleberria oso loturik egotea irakurleak eskainitako babesari?.

Ez ote gertatzen literaturaren alorrean estratifikazioa eta heterogenotasuna azaleratzen duen XIX. mende honetan eleberri-tipoek badutela beren irakurlegoa, ez hertsi-hertsi banaturik baina bai modu iragazkor batean?.

Baina goi-mailako klaseek eta erdi mailakoek beraiek ere utzia dute neurri handi batean euskal irakurlegoa, euskararen eta euskal literaturaren berpizkundeari lotu zaizkion horiek izan ezik; beraz, monolitismotik hurbilago egon daiteke estratifikazio handi batetik baino.

Eta euskal eleberriak homogenotasuna erakusten du ezbairik gabe hastapen hauetan; baita beranduago ere.

Hastapenak dira, eta ezin eskatu ez bapateko boom-a eleberrigintzan, ezta bapateko eleberrigintza zaletasun ikaragarririk ere.

Baina eleberrigintza-mota hau irakurri beharko luketen baina irakurtzen ez duten horiengana heldu ezean eta gogoan hartuz hor dagoela euskaldungoaren gehiengoa, erdi-mailako jende ilustratu-multzo horrek hartu duen jarrera ideologikoan aurkitu beharko du babesa; izan ere, agian hauek denak ere ez bait dute hala nahita irakurriko, nola beren jarrera ideologikoak behartuta: alegia, ez beren gogoari atsegin zaiolako, nola berpizkunde hori indartzeko.

Balizko olaz hitz egiteak ez du zentzurik, baina ausartuko ginateke esatera, agian, eleberrien eta harrera-moduen estratifikazio batek ekar ziezaiokeela zori hoberik testu-tipo honi.

Euskal eleberrigintzaren sorrerak bere koordenada propioak izan ditu: modu batean funtzionatzen zuen sisteman txertatzera etorri da.

Eta uste dugu ez dagoela koordenada propio hauen abstraziorik egiterik, beste literatura batzurekiko alderatu nahi bada behintzat.